2016/11/08

Aste kulturalaren azken egunean urtero moduan, azoka egunarekin eman genion amaiera

Eguraldiari kontra eginez jende mordoa gerturatu zen Berastegiko frontoira. Plazan egitekoa zen aurten, baina, eguraldiak lagundu ez zuenez, pilotalekuan jarri genituen postuak. Mota guztietako produktu, jaki, eskulan eta animaliak zeuden bertan.
Hemezortzigarren azoka eguna izan zen azaroaren 6an.


Lehiaketa ugari izan ziren: XXV. gazta lehiaketa ospatu zuten. Herritarrak goizean goiz aurkeztu behar izan zituzten gaztak; aurten, iaz bezala, 15 gazta aritu ziren lehian. Ez zen eguneko lehiaketa bakarra izan ordea, beti bezala, Ahari, Ardi eta Bildotsena, argazkiena eta baita postuen eta arroz-esneen lehiaketak ere. Honekin batera, argazki rallyko argazkiak eta haurren marrazki eta bertso lehiaketako erakusketak jarri zituzten aparkaleku azpiko lokalean.
Eguerdi aldean, sari banaketari ekin zioten. Jarraian, lehiaketaz lehiaketa saria jaso dutenen zerrendak:
  • Marrazki eta bertso lehiaketan, Kattalin Mugerza, Naroa Aranalde eta Oinatz Lasarte izan ziren marrazki onenaren saria jaso zutenak. Bertso onenaren saria Alex Rekondorentzat izan zen.
  • Argazki Rallyan, analogikoan, Inhar Esnaolarentzat izan zen lehen saria eta jarraian, Idoia Labaien eta Jaione Barriolak jaso zituzten; digitalean, Jose Martin izan zen lehena eta Irune Aramendi eta Uxue Garmendia izan ziren ondorengo sarituak.
  • Arroz esne lehiaketan, 13 parte hartzaile izan ziren eta Inma Artolaren arroz esnea gustatu zitzaien gehien epaileei. Ondoren, Marixol Atxukarro eta Ixiar Zubillagarenak izan ziren.
  • Ahari ardi eta bildots lehiaketan, ahari hoberen saria Iker Ugartemendiak jaso zuen, ardi hoberena Jose Inazio Ugartemendiak eta bildots hoberena Hipoli Lasartek.
  • Azokan herritarrek ipini zituzten postuen artean, Luis Saizarrena izan zen gustukoena.
  • XXV. gazta lehiaketan, Lurdes Malkorrarentzat izan zen lehen saria eta segidan, Koro Artola, Jose Inazio Ugartemendia, Luis Angel Zubiri eta Maria Jesus Labaien izan ziren sarituak.
Arratsaldean, talo jatea egin genuen eta baita goizeko gazta eta arroz-esneen dastaketa ere. Tartean, Teresa Caminos eta Oihane Zubiria trikitilariek alaitu zuten giroa. Azoka egun bereziarekin eman genion bukaera, Kultur Asteari. UXUE ETA ANDER

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina