2016/02/12

KONTZEPTU MAPA LAU BANDATAN

Azterketa egiteko beste modu bat ikasi dugu! "Kontzeptu mapa lau bandatan" izenekoa, gai bat bukatzerakoan, erabiltzen den egitura da. Etxean eta eskolan errepasatu eta gero, taldeko partaide bakoitzak betebehar bat hartu du, hau da, ariketaren zati bat egin behar izan du. Lana aurrera doan heinean, kontzeptu mapa bat osatzen joan gara. Gaurko lana odolaren osagaiak eta bere funtzioak idaztea izan da. Hona hemen argazkiak:





2016/02/11

WALT DISNEYko marrazkietan emakumeen papera aztertzen

Hezkidetza lantzen ari gara eta oraingo honetan, WALT DISNEYko marrazkietan emakumeen papera aztertzen egon gara. Bideo hau ikusi dugu eta eztabaida eginez, honako ondorioak atera ditugu.

https://www.youtube.com/watch?v=N2flTq0a9xA

Urteen poderioz, nesken izaera aldatzen joan da, isila eta langilea izatetik, ausarta eta bihurria izatera. Protagonista bakoitzak bere nortasuna daukala eta saiatuz, nahi duguna lor dezagula. Orokorrean, neskeei gustatuko litzaieke Mulan eta Pocahontas izatea, ausartak, libreak eta buru gogorrak direlako. Mutilen kasuan, gehien errepikatzen den izena, Pocahontas izan da, ausarta eta bihurria delako.
Beraz, argi dago, garai bateko emakumeen eredua atzean utzi dugula eta gaur egun, izaera desberdinetako emakumeak daudela: "ausartak, alaiak, bihurriak, libreak, trebeak, baldarrak, langileak,..."

BIHOTZAREN FUNTZIONAMENDUA


Bi mugimendu egiten ditu bihotzak: sistolea (uzkurdura) eta diastolea (zabaltzea).
Bihotzak etengabe errepikatzen ditu mugimendu hauek. Bere funtzionamendua horrelakoa da:
1- Bi aurikulak uzkurtu egiten dira odola bi bentrikuluetara pasaraziz.
2- Bentrikuluak uzkurtzean odola arterietara bidaltzen dute.
3- Diastolearen bidez aurikulak eta bentrikuluak zabaldu egiten dira eta odola berriro aurikuletatik sartzen da. ASIER

VITRUVIO GIZONA


Hau da Leonardo da Vinci handiak marraztutako Vitrubio-ren gizona. Marrazkiaren inguruko testuan Vitrubiok gizaki "ongi egindako" batek eduki beharko lituzkeen neurriak ematen dira: esku-zabala lau hatzen zabalera da. Bekokiko ilearen jaiotzatik kokotsaren puntaraino distantzia gizaki baten altueraren hamarrena da. Kokotsaren puntatik buruaren koroaraino altueraren zortziren bat da. Bularraren goiko aldetik buruaren muturreraino gizaki baten seirena da. Bularraren goiko aldetik ilearen jaiotzaraino gizaki oso baten zazpirena da. Sorbalden zabalera handienak gizaki baten laurdena neurtzen du. Ukondotik eskuaren puntaraino gizakiaren bostena da... ARITZ

ARNASKETA


 Airea gas-nahaste bat da, nitrogenoa eta oxigenoa ditu bi osagai nagusiak. Ahotik eta sudurzuloetatik hartzen dugu arnasa, eta oxigenoa daraman airea sartzen da arnasa  hartzen dugunean. Aire hori faringetik, laringetik eta trakeatik barrena, biriketaraino iristen da. Sudurretik doan bidea eta ahotik doana faringean elkartzen dira (eztarrian). Dena den hobe da sudurretik arnastea, sudurretik bideratzen den airea berotu, iragazi eta hezetu egiten baita horrela, faringera iritsi aurretik. Airea berotzeko eta hezetzeko, sudur barnean mukosa pituitarioa mintz mehea dago.
Gure sudurraren barnealdea ilez eta mukiz horniturik dago eta, horrela, aireak daramatzan hautsa eta zikinkeriak sudur barruko iragazki natural horietan geratzen dira. Esan dugu airea ahotik edo sudurretik sartzen dela gure gorputzera. Bi bideak laringean elkartzen dira, eta pixka bat beherago, trakea daukagu.Arnas aparatua eta digestio aparatua komunikatuta daude, eta bi bidetan banatzen dira: elikagaiek esofago edo hestegorritik jarraitzen dute, urdailera, eta aireak, aldiz, trakea edo zintzurrestetik, biriketara. Laringean, bidea bitan banatzen da, beraz: bide batetik doa airea, eta bestetik janaria. Bi bide horiek ez nahasteko, bada kartilagozko itxitura bat, epiglotisa: janaria irensten dugunean, airearen bidea ixten du, eta arnasa hartzean, ireki egiten du. Biak (arnasa hartzea eta irenstea) batera egiten ditugunean, gerta daiteke janari zatitxoren bat trakeara joatea; horrelakoetan eztulka hasten gara. Kontrako eztarritik joan zaigula esan ohi dugu horrelakoetan.
Laringetik aurrera, aireak bere bidea egiten du, trakeatik biriketara. Trakea edo zintzurrestea eraztunez osaturiko  hodi bat da, eta biriken parean bronkio izeneko bi adarretan banatzen da. Birikak bular-kaiolan daude, omoplatoek, saihets-hezurrek eta bularrezurrak babestuta. Pleura mintzak bitzen ditu birikak, kanpoko erasoetatik (infekzioak, gaixotasunak…) babestuz.
Gas-trukea albeolotan gertatzen da. Albeoloak odol-kapilarrez inguraturik daude. Albeolotara pasatutako karbono-dioxidoa hori kanporatu egiten dugu arnasa botatzean. ALAITZ

IKASLE BERRIA ESKOLAN



Orain dela bi aste ikasle berria etorri zitzaigun gelara, denok poz-pozik geunden hori jakin genuenean. Sonia izena du eta 12 urte ditu, neskatxa jatorra, azkarra, eta alaia da. Estatu Batuetatik etorri da honaino, Houston-dik. Denok oso gustura gaude berarekin. Ez daki euskaraz, eta asko ahalegintzen ari da ikasteko. ANE

2016/01/29

TALDEKO AZTERKETA SORPRESA!!

Gaur inguruneko saioan, Anak ustekabean harrapatu gaitu! Eta azterketa sorpresa jarri digu! Hasieran zaila zelakoan, urduri jarri gara baina hala ere, bost minututan egin dugu. Ikaskuntza kooperatiboko, orri birakaria egitura erabiliz, arnas aparatuaren anatomia osatu dugu.